Kimubat paisajismo eta lorezaintzan lan egiten duen Azpeitiako enpresa bat da. Bere jardueraren barnean K1 arazketa sistema garatu dute, landarren bidez etxebizitzetako urak depuratzen dituen sistema. Honetarako gainera bertako landare bat erabiltzen dute, Phragmites-a.
Urrian Kimubat-en egoitzan izan ginen, bertan muntatuta duten sistemaren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzen. Asteazkenean berriz, enpresako Iker Goikoetxea eta Mitxel Igarataundi izan ziren Noeren etxea proiektua bertatik bertara ezagutzen eta fitodepuraziorako behar den putzua non kokatu aztertzen. Kokapenarekin zalantzak sortu ziren, lekua laiotz samarra delako. Iker eta Mitxelek estalkian kokatzeko proposamena egin ziguten, eguzki gehiago dagoelako bertan. Proposamenaren bideragarritasuna aztertzen ari gara, baina zail samarra ikusten dugu momentuan.
Goiko argazkian, ezkerretik eskuinera, Xabi Telleria, Iker Goikoetxea, Mitxel Igarataundi eta Xabi Labegerie.