Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez
Featured

Karga-horma bukatzear

Hormigoi zelularrezko blokez eraikitzen ari garen itxitura bukatzear gara jada. Lana uste baina gehiago luzatu zaigu baina datorren astean galandaren blokeak kokatzeko asmoa dugu. Prozesuan zehar asko ikasi dugu, material honekin lan egin dugun lehenengo aldia delako. Oraingoz behintzat, hormigoi zelularraren balorazio oso ona dugu.

Segidan, prozesuaren zenbait argazki eta bideo:

Komun lehorraren irteerako zuloaren habeari egokitzeko blokean egindako ebakiduraren xehetasuna
Aldamioa muntatzeko lehenengo lanak
Aldamioa orekatzeko lanean
Hormaren azken ilara berdintzeko lanean, lixarekin, galanda jarri aurretik
Obraren ikuspegi orokorra
Ikaslea morteroa jartzen bloke gainean, honetarako koilara bereziarekin
Ikaslea blokea nibelera kokatzen
Ikaslea, moztu beharreko blokearen neurria hartzen
Featured

Kimubat enpresakoen bisita Noeren etxera

Kimubat paisajismo eta lorezaintzan lan egiten duen Azpeitiako enpresa bat da. Bere jardueraren barnean K1 arazketa sistema garatu dute, landarren bidez etxebizitzetako urak depuratzen dituen sistema. Honetarako gainera bertako landare bat erabiltzen dute, Phragmites-a.

Urrian Kimubat-en egoitzan izan ginen, bertan muntatuta duten sistemaren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzen. Asteazkenean berriz, enpresako Iker Goikoetxea eta Mitxel Igarataundi izan ziren Noeren etxea proiektua bertatik bertara ezagutzen eta fitodepuraziorako behar den putzua non kokatu aztertzen. Kokapenarekin zalantzak sortu ziren, lekua laiotz samarra delako. Iker eta Mitxelek estalkian kokatzeko proposamena egin ziguten, eguzki gehiago dagoelako bertan. Proposamenaren bideragarritasuna aztertzen ari gara, baina zail samarra ikusten dugu momentuan.

Goiko argazkian, ezkerretik eskuinera, Xabi Telleria, Iker Goikoetxea, Mitxel Igarataundi eta Xabi Labegerie.

Featured

Itxituraren horma abian

Noeren etxearen itxitura eraikitzen hasi gara. Itxitura hainbat geruza desberdinez osaturik izango da eta lehenengoa hormigoi zelularrezko blokez osaturiko karga horma izango da.

Hormigoi zelularra oso material berezia da, gure inguruan oso erabilia ez dena. Silize-harea, zementua, karea eta espantsio eragile bat elkartuz sortzen den material minerala da eta dentsitate desberdinetan aurki daiteke (350 kg/m3 eta 700kg/m3 artean). Hormigoi arruntaren aldean oso arina da eta bere eroankortasun termiko koefizientea oso txikia harrenaren aldean:

  • Hormigoi arruntaren eroankortasun termiko koefizientea
    • dentsitatea 2300≤ρ ≤2600 kg/m3: 2,00 W/mK
    • dentsitatea 2000≤ρ ≤2300 kg/m3: 1,65 W/mK
  • Hormigoi zelularraren eroankortasun termiko koefizientea
    • 350 kg/m3: 0,09 W/mK
    • 400 kg/m3: 0,1 W/mK
    • 500 kg/m3: 0,125 W/mK

Materialaren beste ezaugarri bat lan egiteko modua da, orain arte obretan ohituta gaudenaren oso bestelakoa (zerraz moztu daitezke blokeak, lizatu egin daitezke…). Honexegatik Eraikuntza-obrak antolatzeko eta kontrolatzeko goi-mailako teknikari zikloaren ikasleak bideratu ditugu lanak abiatzera, beraiek ikasteko lan egiteko modua, ondoren beraiek azal diezaieten Eraikuntza Teknikari zikloko ikasleei.

MMaterialaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero joan Ytong etxearen web-orrian aurki daiteke.

Featured

Euri ura erabiltzen duen instalakuntza pilotua

Usurbilgo Lanbide Eskolako Efizientzia energetikoa eta eguzki energi termikoa zikloaren 2. mailako ikasleek euri ura probestuko duten instalazio bat muntatu dute bertako B eraikuntzan. Instalazio honek euri ura metatuko du eta gero komunetako tangak betetzeko erabiliko du. Muntaketa test modura erabiliko da NOEREN ETXEA proiekturako.

Euri ura erabiltzen duen instalazio domestiko baten eskema

Eskolako instalazioa gauzatzeko B eraikuntzaren euri uren zorrotena bat hartu da eta bertatik igarotzen den euri uraren zati bat bat depositu batera bideratu da. Deposituan metatzen den ura ez da edangarria beraz ur edangarria behar ez den erabilpenetarako bideratuko da. Erabilpenik esanguratsuena komunen betetzea izango da, honek etxe bateko ur erabilpenaren %30an suposatzen du eta gainera ez du zertan edangarria izan beharrik beraz erabilera ezin hobea daukagu. Beste erabilera batzuetarako probestu daiteke ur hau, adibidez erregadiorako edota eskolako espazioak garbitzeko.

Ikasleak zorrotenaren hartunea prestatzen
Zorrotenaren hartunea eta deribazioa
Ikasleak depositurako deribazio hodiak instalatzen
Euri ur depositua: bi sarrera hodi (euri ura eta sarekoa, maila minimoa segurtatzeko) eta irteera hodi bakarrarekin

Instalazioaren diseinu eta muntaia ikasleek egin dituzte eta sistemaren erregulazio eta kontrola Arduino bidez diseinatu da. Arduinoa hardware libreko plataforma bat da eta bere abantaila nagusia kontrol eta erregulazio sistema instalazio honentzako bereziki diseinatutakoa izatea da, honela, bertan kudeatzen diren datu guztiak ikuskatu eta kontrolatu daitezke instalazioak epe jakin batean aurreztutako ur kopurua jakin ahal izateko zehatz mehatz.

Arduinoa eta kontrol gunea

Featured

Noeren etxearen egitura martxan

Eraikinaren egitura

Eraikinaren egitura honako elementuek osatzen dute:

  • EGITURA BERTIKALA
    • hormigoi armatuzko bi zutabe (gorriz)
    • hormigoi zelularrezko karga-horma perimetrala
  • ESTALKIAREN EGITURA
    • zutabeetan bermatutako egur laminatuzko habea
    • egurrezko gapirioak
Egituraren ikuspegi axonometrikoa (gorriz: hormigoi armatua / gris argiz: hormigoi zelularra / gris ilunez: egurra)
Egituraren zimentazioaren ikuspegi axonometrikoa (gorriz: hormigoi armatua / gris argiz: hormigoi zelularra / gris ilunez: egurra)

Eraikinaren zimentazioa

Eraikinaren zimentazioa iaz osatu genuen Lanbide-ren laguntzarekin antolatutako Fabrika eta estalkietako igeltserotzako eragiketa osagarriak ikastaroko ikasleekin. Zutabeen azpian zapata bakunak daude eta karga-hormen azpian zapata jarraitu bat. Bi zapatak elkartzen txarrantxa habe bat dago.

Orubearen aurreko egoera eta zimentazioaren zuinketa lanak
Zimentazioaren enkofratua osatzeko lanak
Zimentazioa bukatuta eta enkofratua kenduta, iazko ikasturte amaieran

Zutabeak

Berriki Eraikuntza Teknikari zikloaren bigarren mailako ikasleek eraikinaren hormigoizko bi zutabeak egin dituzte. Lanak erronka modura txertatu dira ikasketen barnean eta bi talde osatu dituzte ikasleek, bakoitzak zutabe bana eraiki duelarik.

Zutabeen tamaina ohikoa baina txikiagoa da, 20×20 zentimetrotako neurria baitute, hau da, hormigoi zelularrezko blokeen zabaleraren berdina, ondoren hauen barnean txertaturik geldi daitezen.

Zutabeen enkofratua prestatzen
Ikasleak gustura enkofratu lana amaituta

Eraikuntza-obrak antolatzeko eta kontrolatzeko goi-mailako teknikari zikloaren ikaslea lanerako zehaztapenak ematen
Abrams-en konoa hormigoiz betetzen
Zutabeetarako hormigoia prestatzen
Hormigoiaren trinkotasuna neurtzen Abrams-en konoaren bidez
Zutabera isuritako hormigoia dardararazten
Hormigoia gogortu aurretik
Ikasle taldea bere lanaz harro.